Familia nuklearra

Mendebaldeko gure gizartean, familia nuklearra hartzen dugu guztiaren eta batez ere seme-alaben hazieraren oinarritzat. Haurraren ikuspuntutik aldiz, bere konforta bermatzeko, ama-aita-semea-alaba egitura ez da ideiarik onena. Ugaztun garen heinean, taldean edo tribuan ibiltzeko diseinatuak gaude, hori dela eta bi heldu, gutxiegi dira haur bat zaintzeko.

Gaur egun, maitemintzea oso estima altuan dugu eta maitasunarekin nahastu egiten dugu. Bi terminoak nahasterakoan, maitemintzen garela diogunean, benetan beste batekiko erakargarritasun sexuala dugula gertatzen da. Baina erakargarritasun sexuala ez da maitasuna, ernalketa baimentzen duen prozesu biologikoa baizik.

Maitemintzea, maitasunarekin nahasterakoan, bikotea eta familia erakargarritasun sexualetik (maitasun bezala interpretatua) eta bestearengandik behar dugun horretatik eratzen ditugu. Hau da, besteak emango digun (laguntasuna, babesa, zaintza, mirespena…) horren inguruan eraikitzen dugun fantasiatik eratzen ditugu bikoteak.

Bestearengatik behar dudan horretatik, bikotea, akordio erreal baina ikusezin batzuen gainean eratzen dugu. Haur bat jaiotzean, akordio faltsu horiek hautsi edo krisian sartzen dira: haurra izan beharko luke lehentasuna baina helduak, beren haurtzaroan ase ez zituzten beharrak asetzen saiatuz dabiltza oraindik. Krisi hau, edo sistemaren funtzionamendu okerra modu desberdinetan jarri daiteke agerian: etengabe gaixotzen diren haurrak, bikote krisiak…

Haurrak hazteko sistema ideala honakoa litzateke: bi pertsona helduk maitasunezko harreman bat edukitzea erabakitzen dute. Erlazio horretan bakoitzak, bestea behar duen horretan laguntzea erabakitzen du, bestea garatu ahal izan dadin. Ideal honetan, haur bat jaiotzean, ama fusioan sartuko da jaioberriarekin, aitak ama babesten duen bitartean. Aitak era beran ama babesteko beste pertsona batzuk ere aukituko ditu. Biek badakite lehentasuna haurrak duela.

Larunbatean, gorago aipaturiko kontzeptu desberdinak aztertu eta sakonduko ditugu: maitasuna, erakargarritasun sexuala, tribuaren kontzeptua, bikoteen arteko akordio desberdinak, familia nuklearraren sistema krisian sartzeko modu desberdinak…

Izaskun Marañonen posta, psikologoa – Giza Biografia Taldea Zarautz.

Irudiaren iturria: Unsplash