Haurraren gorputzaren haziera – Umea soineran eramatea

Haurraren gorputza asko garatzen da hilabete gutxitan, eta haurra soinean eramateko orduan hainbat kontzeptu izan behar ditugu kontuan, eramate hori zuzena, erosoa, onuragarria eta lasaia izan dadin.

Hainbat gauza jakin behar ditugu:

  • Haurraren bizkarrezurra
  • Aldaken “M” postura
  • Ipurmasailetan ez eramatea
  • Aurrera begira ez eramatea
  • Sehaska jarreran ez eramatea

Haurra bizkarrezurra C forman duela jaiotzen da. Amaren sabelaren formarengatik dela uste da.

Heldu baten bizkarrezurrak, ostera, alderantzikaturiko bi kurbadura edo lordosi ditu, bata lepoan eta bestea gerrian, eta horiei esker gure bizkarra zurruna da eta zutik eta eserita egon gaitezke edo ibili egin gaitezke.

Haurraren bizkarrezurra pixkanaka osatuz doa, jaioberri garaiko C formatik, helduon S formara.

Evolución bebé porteo

Haur jaioberria ez da bere buruari ez bere gerrrialdieari eusteko gai, horregatik ume-eramaile bat aukeratu behar dugunean, kontuan izan behar dugu puntu hau: ume-eramaileak buruari eta gerrialdeari eutsi beharko die.

3-4 hilabete inguru dituenean, euren buruari eusten hasiko dira haurrak, baino artean ez diote gerrialdeari eusten, hori dela-eta, ume-eramaileak gerrialdeari eutsi behar dio (eta, haurra lo dagoenean, baita buruari ere).

6-12 hilabete bitartean, berriz, euren kabuz eserita mantentzen hasiko dira haurrak, lau hanketan ibiltzen, oinez… eta behin oinez hasten direnean, esan dezakegu euren bizkarrezurra helduen bizkarrezurraren oso antzekoa dela. Horregatik, seigarren hilabetetik aurrera, ume-eramailea askeagoa izan daiteke.

Garapen-fase hauek oso kontuan izaten ditugu aulkitxoaz eta autoko segurtasun-eserlekuez ari garenean, eta beraz, jaioberria kapazuan edo 0-grupoko maxicosi batean eramango dugu; 4-6 hilabetetik aurrerako umea, berriz, aulkian atzera begira joango da eta autoan 1-grupoko eserleku batean eramango dugu abiaduraren kontrako posturan; ondoren, aulkian eta autoan aurrera begira joango da, etab.

Haurra soinean eramatean antzeko irizpideak izan behar ditugu kontuan, horregatik jabetu behar dugu  jaioberriak ezin duela edozein ume-eramailetan edozein posturatan joan.

Haurra soinean eramateko unean kontuan izan behar dugu batzuetan 20 minutu zeramango dugula, baina beste askotan hiru orduz eramango dugula. Hori dela eta, haurraren jarrerak egokia izan behar du, erosoa, erlaxatua, lasaia, etab.

Jarrera da garrantzitsuena, haurra ume-eramailean nola dagoen ezarria, non dagoen eseria eta jarria, eta haurraren pisua zerk sostengatzen duen.

Haurra jarrera egokian eramateko, eserita joan behar du, izter-atzearen eta ipurdiaren gainean. Aulki batean esertzen garenean bezala.

 

Jarrera hau bermatzeko, onena igel postura edo M handiaren postura da. Hau da, belaunak ipurdiaren altuera berean edo gorago izatea, inoiz ez beherago.

 

 

 

Eta oinak belaunetatik zintzilik. Haurra ez dugu inoiz ipurmasailez sartu behar ume-eramailean, aldakako displasia izateko arriskua handitu dezakegulako era horretan.

Kontuan izan behar dugu,haurdunaldian  haurra sabelean ipurmasailez egon den kasuetan, gaur egun, pediatrek aldakaren jarraipen bat egiten duela, displasia indize altuak egoten direlako, horregatik, ez du zentzurik, behin jaiota, jarrera horretan eramatea haurra ume-eramailean, frogatua baitago ez dela ona haurrarentzat.

Hankek libre geratu behar dute, ume-eramailetik kanpo.

 

 

Era horretan, honako hau lortzen dugu: jarrera zuzena izatea, esertze-azalera handiagoa izatea, eta izterrezurra aldakan ondo egotea (aldaka displasia arazoak saihesteko), horrela pelbia biratua dago, bizkarrezurraren kurbadura egoki errespetatuz, fetu-jarrera mantenduz, izan ere, fetu-jarrera da postura erlaxatu eta erosoena giza gorputzean. Era horretan, diafragma, pelbia, urdaila, lepoa, bizkarra etab. jarrera egokian daude.

 

 

Haurraren burua gure okotzaren azpian egon behar da, musu bat ematera iristeko moduan. Era horretan, haurrak arnasa ongi hartzen duela berma dezakegu, arnasbideak ongi daudela eta postura egokia duela.

Oso garrantzitsua da haurra beti guri begira eramatea, inoiz ez dugu eraman behar guri bizkarra emanez. Hainbat arrazoirengatik: esan dugun bezala, bizkarrezurra C forman du, eta aurrera begira eramatean kontratko C forman jartzen da, sorbaldak atzerantza doaz, eta gainera, horrela eramatean ez da aldakaren M postura errespetatzen, beraz, haurrak belaunak ipurdia baino beherago eramango ditu eta  jarrera genital bat hartzea behartuko dugu, haren pisu guztia genitalen gainean ezarriz. Ume-eramaile hauetan haurraren buruari ez zaio ongi eusten, eta haurraren burua jauzika doa.

Azkenik, haurra soinean eramatearen gai garrantzitsuetako bat haurraren eta helduaren arteko kontaktu bisuala da, gehien bat jaioberrien kasuan. Haurra soinean daramanak beti izan behar du kontaktu bisuala haurrarekin, baina haurra aurrera begira eramaten badugu, ez dago kontaktu bisualik.

Bestetik, haurra daramanarentzako, helduarentzako, haurra aurrera begira eramatea ez da egokia, jarrera hiperpresiboa da, eta gure zoru pelbikoan eragiten du,  bereziki haurra izan berria duen emakumearentzat ez da batere jarrera onuragarria. Alderantziz, zoru pelbikoa bere lekura itzul dadin kontrakoa egin behar du: sabelaldeko gimnasia hipopresiboa.

 

Eta azken puntu bezala, esan, gehien bat umea soinean luze eraman behar dugunean, ibiltzera goazenean, pasiatzera, etab. ez dugula haurra sehaska jarreran eraman behar ume-eramaile barruan.

Argazkian ikus daitekeen moduan, haurra oso behean geratzen da, okotza gertuegi dauka bular-aldetik, eta ezingo du arnasa ongi hartu.

Hobe da bertikalean eramatea haurra, bizkarrezurra egoki dagoela, aldaka biratuta eta ume-eramailean ongi eserita.

 

Jaioberri bat ume-eramailean hartuta ibiltzera edo pasiatzera zoazenean, ez ezazu egin haurdun zeundenean egingo ez zenukeen ezer, eta ez joan haurdun zeundenean joango ez zinatekeen lekuetara, ezta joango ez zinatekeen bideetatik ere. Ume-eramaile bat oso segurua da, baino hala eta guztiz ere, hirugarren edo laugarren hilabetera arte, haurrak mugimendu leunak behar ditu, jarraiak, inpaktu gutxikoak. Paseoan ibil zaitezke, nahi adina ibili ere, haurrarentzat nola helduarentzat oso onuragarria delako haurra soinean hartuta ibiltzea.

Gloria Urkola Etxetxipia
Ume-eramaile Aholkularia
School of babywearing London

Agian interesatuko zaizu:

Umea soinean eramatea, sabeletik kanpoko bizitzara egokitzea