Idurre Azkune (Medikua): “Haur asko aztertu eta zaindu ditut, baina benetan larrituta zeuden gurasoak lasaitzea izan da sarritan nire oinarrizko lana”

Aspaldi genuen gaur aurkeztuko dizuegun hitzaldiaren berri emateko gogoa: lehen sorospenak. Gure txikien gaixotasun eta istripuei nola erantzun erakutsiko digun tailerra. Azaroak 10, larunbata, 11:00etan izango da, MeitaiMaitie dendaren ondoan egokitu dugun espazio goxo eta berrian.

Jakin badakizue profesional onenez inguratzea dugula gustoko eta oraingo honetan ildo bera jarraitu dugu. Idurre Azkune medikua geurean izateko aukera aparta izango dugu. Orion bizi eta jatorriz donostiarra den emakumea, ama eta Familia-Medikua. Azken 10 urtetan Gipuzkoako hainbat osasun zentrotan aritu da  Lehen Mailako Arretako Pediatrian, baita Zarauzkoan ere.

Eta Idurreren esperientzia eta kontatuko digunari buruzko pixkat gehiago ezagutzeko asmoz, hortxe utziko dizuegu, egin diogun elkarrizketatxoa.

MM: Noiz erabaki zenuen medikua izan nahi zenuela? Non ikasi zenuen?
IA: Ez dut momentua gogoratzen, txiki-txikitatik jakin bainuen medikua izan nahi nuela. Erabakia baino, bokazioa izan zela argi daukat. Nafarroako Unibertsitatean ikasi nuen (Medikuntza 00’) eta Donostia Ospitalean Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitatea egin nuen (04’).

MM: Zein arlotan aritu zara nagusiki?
IA: Urtebetez Donostia Ospitaleko Urgentzitan aritu ondoren, eta nire lehen semea jaio zenean (“zorioneko” kontziliazioa…) urgentzia zerbitzua utzi nuen eta Lehen Mailako Arretako Pediatrian hasi nintzen lanean. Bertan lan egin dut ia 11 urtez, hainbat osasun zentro ezberdinetan, eta orain dela hilabete gutxi, Pediatria utzi eta helduekin nabil lanean Familia-Mediku gisa, lan arloa eta ezaguerak zabalduz.

MM: Zein da zure lanetik gehien gustatzen zaizun alorra??
IA: Medikuek aholkulari eta laguntzaile gisa dugun lana garrantzitsuenetakoa dela uste dut. Hori da guregana datozen familia askok behar dutena askotan. Haur asko aztertu eta zaindu ditut, baina benetan larrituta zeuden aita, ama, eta aiton-amonak lasaitzea izan da sarritan nire oinarrizko lana.

MM: Nolatan animatu zara MeitaiMaitierekin hitzaldi hauek eskaintzera?
IA: Aukera eskaini zidatenean ez nuen inolako zalantzarik izan. Eman izan ditut ikastaroak eta hitzaldiak bestetan eta medikuntzaren zabalpen alor hau, behar-beharrezkoa iruditzen zait. Hitzaldi hauek gaixotasunak eta hainbat osasun-ezusteko hobeto ulertzeko aukera emango digute eta zerbait gertatzen denean lasaiago erantzuten lagunduko digute haurrak ere ahalik eta gutxien sufritu dezan (gu izutzen garenean, txikiak ere izutzen dira).

MM: Zer motatako hitzaldia izango da eskeiniko duzuna?
IA: Hitzaldi irekia izango da. Larrialdi egoera ezberdinei buruz hitz egingo dugu: trabatutako eztarriak, kolpeak, hozkak, erredurak, burezurreko traumatismoak, konbultsioak… Teoriaz gain kasu praktiko batzuk ere landuko ditugu, amaitzerakoan oinarrizko ezaguerak argi eduki ditzagun, egoera ezberdinetan segurtasunez eta lasaitasunez nola jokatu jakinda.

MM: Nola animatuko zenituzke gure familiak hitzaldian parte hartzera?
IA: Parte hartzeko aukera emango duen hitzaldia izango da, eta bi noranzkoko ekarpenak lantzea gustatuko litzaidake. Gurasoak entzunda, asko ikasten dut nik ere. Gerta daitezken larrialdi egoeren aurrean nola jokatu ikasi eta esperientziak partekatzeko auekera aparta.

MM: Ongi etorri eta mila esker Idurre!

Zeinek ez du Idurrek aipatutako gaien inguruko kezkarik? Larrialdi baten aurrean nola erantzun? Hala bada, adi gure sareetara eta gure webguneko ikastaro eta tailerren atalera.