Ioana Arbillaga

Ioana Arbillaga, podologoa: “Umeei ez zaie ibiltzen erakutsi behar”.

 

Gaur Ioana Arbillaga Podologoa dakargu gure blogeko txokora. Podologoa, ama eta kirolaria da bera, eta gu irakurtzera ohituta zaudeten guztiak dakizuen bezala, MeitaiMaitien jorratzen ditugun gaiak guretzat garrantzitsuak diren istorio bereziak dituzte barru-barruan.

Gloria eta Ioana txikitatik elkar ezagutzen dute, Tolosako ikastolan koinziditu ondoren. MeitaiMaitien gertutik jarritu dugu bere ibilbide profesional eta orain dela gutxi, podologia zerbitzuaren beharra izan genuenean, zalantzarik gabe, Ioanarengana Donostian ireki duen zentru berrira jo genuen.

Gure etxean, guk oinetan hainbat arazo genituela ikusita, gure 3 txikiak ere Ioanarengana eramatea erabaki genuen.

Ioanari hainbat galdera bota dizkiogu eta oso erantzun interesgarriak jaso ditugu, horregatik hementxe dituzue zuei ere erabilgarriak izango zaizkizuelakoan:

MeitaiMaitie: Nolatan erabaki zenuen podologia ikastea? Eta non ikasi zenuen?

Ioana Arbillaga: 17 urterekin Bartzelonara joatea erabaki nuen Podologia ikasketak burutzera, batez ere, podologiak osasuna eta kirola uztartzen dituelako. Osasun munduan sartuta zeuden guraso kirolariekin, hori guztia etxean ikusi, bizi eta gustatzen zitzaidalako.

MM: Podologia entzun eta oinetako gogortasunak kentzea datorkigu lehenik burura, eta ondoren barne-zolak edo plantilak erabiltzea… baino zabalagoa da podologia, ezta?

IA: Egia da lehen ikasten ditugun gauzak, gogortasunak kentzea, azazkalak eta karatxoak direla, baino aldi berean unibertsitatean plantilen mundua eta kirurgia mundua nolakoak  diren ere erakusten dizkigute.

MM: Podogiaren ze arloa lantzen duzu gehien? Haurrak, gazteak, helduak, kirolariak?

IA: Ni plantilen munduan espezializatu nintzen eta arlo honek umeak, gazteak, haurrak, kirolariak eta adineko pertsonak biltzen ditu.  Egia da kirol munduan asko sartu garela , kirola asko gustatzen baitzait, eta kirolariekin identifikatzen gaituzte maiz.

MM: Gure mundua haurrena denez… Nola dira gure haurren oinak eta noiz hasi beharko genuke begiratzen edo kontuan izaten?

IA: Gure zentruan, normalean 4 urtetatik aurrera hasten gera umeak ikusten beste espezialista batek bidalita etortzen ez badira (traumatologoak, fisioterapeutak edo pediatrak besteak beste) . Haurren gaitz ezagunenen artean “pie plano” eta “pie plano valgo” izenekoak ditugu. “Ume honek gaizki zapaltzen du”, sarritan entzuten dugun esanldia da, baina oso garrantzitsua da ikusi eta gaizki zapaltze hori zer dan zehaztea.

MM: Ze adin arte da gure haurren oina “aldagarria”? Ze adin arte zuzendu daiteke zerbait?

IA: Aztertzen dugun arazoa zerbait aldagarria baldin bada, haurraren lehen etapan izango da: 4 – 10 urte bitartean, gutxi gorabehera, umearen ezaugarriak eta bere garapena kontuan izanda. Adin horretatik aurrera aldaketak konplexuagoak dira.

MM: Aholkuren bat emango al zeniguke hasierako txikitako etaparako? Nola lagundu haurrari oinaz ikasten ari denean?

IA: Umea jaiotzen denean 10-18 hilabete artean ikasten dute oinez normalean, batzuk korrika ikasten dute oinez baino lehenago. Ez zaie ibiltzen erakutsi behar ez helduen eskuekin ezta taka-taka edo tirantedun sokekin ere. Azkarrago hasteagatik ez da hobeto ibiliko. Normalena oin planoak izaten dira lehen adin horretan arkoari osatzeko behar duen denbora eman ez diogulako.

MM: Ze oinetako mota da gomendagarria orokorrean? Eta orain uda datorrela.. zeintzuk dira aukeratu edota ekiditu behar ditugun zapata motak?

IA: Oinetakoei dagokionez, ahal den neurrian (leku garbietan), oinutsik ibiltzea gomendatzen dugu. Kalean berriz, zoru gogorragoa duen oinetakoarekin, babesteko batez ere. Haurren oinetakoak erosoak behar dute izan, ez oso gogorrak ezta bigunegiak ere. Garrantzitsuena, oinetakoa oinari heltzea da. Ez zaizkigu oso ahulak edo oso gogorrak diren oinetakoak gustatzen, bailarinak edo bota gogorrak esaterako. Futboleko oinetakoak, adibidez, futbolerako dira. Materialari begiratuz gero, plastikozkoak baino, larruzkoak izatea hobe da. Galtzerdiez ere ez gara ahaztu behar, eta aukeran egokiagoak dira kotoizkoak izerdiari egokiago aurre egiteko. Eta udaran? Adi, behatza sartzeko txankleta horiek ez baitira gomendagarriak. Oinetakoaren ezaugarri garrantzitsuena: oinetakoak oina heldu behar du da eta ez oinak oinetakoa.

 

Ioana Arbillaga
Podologia Zentruak
Tolosa. San Inazio Kalea, 4. 20400 Tolosa. Tel. 943 11 85 48
Donostia. Sánchez Toca Kalea, 9. 20006 Donostia. Tel. 943 57 57 03