Izaskun Marañón Psikologo Klinikoa

"Haurrek egokitzeko gaitasuna dute, eta solidarioak dira egoera azalduz gero"

Egun hauetan, gure laguna eta psikologo klinikoa den Izaskun Marañoni ondoren elkarrizketa egin diote Zuzeu.eus-en (Anartz Bilbaok egina). Oso ikuspuntu interesgarria iruditu zaigu eta horregatik zurekin partekatu nahi izan dugu.


Etxeko itxialdia luzatzen doakigun honetan, asko gara haurren egoeraz kezkaturik gabiltzan gurasoak. Jakina da egoera honetan zaurgarrienak direla, eta susmoa dugu ez direla beraien beharrak batere kontutan hartu konfinamendua ezartzerakoan. Gauzak horrela, psikologo bat elkarrizketatzea erabaki dugu, eta Izaskun Marañon Guillanengana jo. Psikologo Klinikoa eta psikologian doktore, Marañon EHUko irakaslea ere bada, Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua sailean.

Elkarrizketari hasiera emateko, gure etxeko bizipen propioak kontatu dizkiogu, gurean mutiko mugitu samarrak ditugun arren, harrituta gaudela zeinen ondo moldatzen ari diren itxialdian. “Haurrek egokitzeko gaitasuna dute eta oso solidarioak dira, batez ere beren beharrak aseta izanez gero eta egoera zein den azalduz gero”, erantzun digu psikologoak.

Badira kasik hiru aste konfinamendua ezarri zela. Hitz egin dugu telelanaz, ekonomiaz eta bestez, baina ematen du erabakiak hartzerakoan ez direla haurren beharrizanak kontutan hartu. Ez duzu uste?

Zuzen zaudela uste dut. Osasun fisikoa garrantzitsua izan arren, neurriak hartzerako orduan ahaztu egiten da osasun emozionalarekin erabat lotuta dagoela; nabarmenen haurrekin hartutako neurrietan nabari da. Berriro ere, agerian geratu da gizarte honetan haurrei bizkar emanda bizi garela.

Itxialdian gauden honetan, etxean ematen dira eskolak -ikastetxeak ahalegin handia egiten ari dira ariketak eta prestatzen-, baina egoera honetan, zeintzuk dira umeen premia funtsezkoenak? 

Haurren oinarrizko beharrak, zuk funtsezko premia deitu dituzunak, beti dira berdinak. Oinarrizko behar fisikoez haratago (elikadura egokia, jantziak, etxebizitza duina…), haurrek mugimendua behar dute, jolasa behar dute, ingurunea esploratzeko aukerak behar dituzte, naturarekin kontaktua behar dute eta beren behar emozionalak aseko dituen edo asetzen lagunduko dien heldu esanguratsu baten begirada behar dute. Eta zein da beren behar emozionala? Maitatua izan/sentitzea batik bat: besarkatua izatea (kontaktu fisikoa),  errespetuz tratatua izatea, bere nahiak entzunak direla ohartzea eta nahi horiek kudeatuak direlako sentsazioa izatea, gertatzen zaionari hitzak jartzen zaizkiola, eta garrantzia ematen zaiola ohartzea; bera den horretan onartua dela jabetzea.

Orain arte aipatu ditudanak haur batek beti dituen behar emozionalak dira. Itxialdi honetan, ordea, mugimendua, naturarekin kontaktua, esploratzeko aukerak… gutxitzen diren honetan, are eta garrantzitsuagoa bihurtzen da helduek egin beharreko akonpainamendua: gertatzen zaiena ulertu, hitzetan jartzen saiatu eta behar hori etxean ditugun baliabideekin asetzen saiatu.

Herrialde batzuetan baimendu dute denbora tarte labur batez umeak egunero kalera ateratzea; guk ezin ordea. Debeku hori asko luzatzen bada, kalteak eragin ditzake umeengan?

Ez da erantzuteko galdera erraza, faktore askok dutelako eragina, baina orokorrean helduek haurrak sostengatzeko gaitasuna badugu, eragina txikia izango dela pentsatzen dut. Arazoa da ausartegia dela helduek gaitasun hori dugula aurresuposatzea.

Lorategi ederreko etxean edo balkoirik gabekoan bizi, gela propioarekin edo anai-arrebekin partekatu beharrekoan, azken trepeta teknologikoak eskura dituzula ala Internetik gabe… eguneroko jarduna oso ezberdina da itxialdian. Honek ere izango du eraginik haurrengan?

Ezberdina da, noski, horrelako baldintza desberdinetan bizitzea, baina haurrengan eragin psikologikoa edo emozionala izateko ez da baldintza ez nahiko ez beharrezkoa. Hau da, haurren egoera emozionalari begiratuta, etxebizitzaren baldintzak (duinak diren bitartean) panorama guztiaren parte txiki bat besterik ez dira. Panorama horretan heldu konektatuak edukitzea eta, aurretik esan bezala, haurren behar emozionalen akonpainamenduaz kargu egin daitezkeenak edukitzea, askozaz ere garrantzi handiagokoa da. Haur baten egoera emozionalarentzat, hobe da balkoirik gabeko etxean bizi baina gurasoak bertan izatea, jolasari garrantzia ematen diotenak, emozioei hitzak jartzeko gaitasuna dutenak, eta emozio horiek kudeatzeko baliabideak eman ditzaketenak, haurrak besarkatzen dituztenak, errespetuz tratatzen dituztenak e.a, lorategi eder bat duen etxean bizi baina egun osoa mugikorrari begira ematen duten gurasoak edukitzea baino.

Itxialdia hilabete luzatuko da gutxienez. Etorkizunera begira, izan dezake haurrengan ondoriorik, izaera eta jarrerari dagokionean?

Itxialdia soilik, bere horretan hutsean hartuta, ez da baldintza nahikoa ondorioak edukitzeko -psikopatologikoki mintzo naiz-. Eragin handiagoa dute atxikimendu eta lotura afektibo ezegokiek, hilabetez etxean geratzeak baino.

Egunen batean bueltatu beharko gara orain gutxira arte ohikoa genuen bizitzara. Nola egokitu, nola itzuli eskolara, kalera… lagunen arteko harremanetara? 

Alaitasunez, esango nuke. Baina egia da, egoera hau erabili dezakegula bakoitzak bere bizitza erritmoari buruz hausnarketa egin, eta ahal den neurrian gustukoak ez diren errutinak aldatzeko. Orokorrean, korrika gabiltza alde batetik bestera, eta egoera honek gauza asko kendu edo mugatu dizkigun arren, presa sentsazioa ere desagerrarazi du kasu askotan, eta jende asko bizipen hori eskertzen ari da.

Egunotan helduok asko ari gara kutsatzeaz, gaixotasunaz, heriotzaz… entzun eta irakurtzen. Nola kudeatu behar da informazio guzti hori umeekin berba egiterakoan? 

Haurrek gaitasun handia dute gure egoera emozionalaz jabetzeko; triste bagaude konturatzeko, beldur bagara ohartzeko, kezkatuta bagaude antzemateko… Edozein egoeratan (eta honetan bereziki) haur bati gerta dakiokeen gauza hoberena, berak sumatu eta esaten zaionaren artean koherentzia egotea da. Hortaz, haur bakoitzaren adinari egokitutako hizkuntza eta informazioarekin oso garrantzitsua da egoeraren berri eman eta egoera horretan gu nola aurkitzen garen azaltzen saiatzea. Adibide bat. Imajinatu zure semea eta zu 40 gradutan dagoen bainera batean sartzen zaretela. Haurra sartu eta erretzen denean, eta zu ere erretzen ari zarela ikusten duenean, horrela adieraziko du. Zuk berriz ezetz, epel dagoela esaten badiozu, bere sentitzea zalantzan jartzen da, eta bere buruarekiko konfiantza txikiagotzen ari zara. Informazioa ukatu eta kezkatuta egonik ere lasai gaudela esaten diegunean gauza bera egiten ari gara.