Udaberria eta haurren alergiak

Udaberriarekin batera, naturaren berpiztea, egunen luzatzea eta kontsultetan alergia kuadroak maizago ikusten hasiko gara.

Alergiak era desberdinetan azaltzen dira, baina udaberrian polenaren eraginarengatik 2 kuadro alergiko nabarmenduko dira rinitis alergikoa (+/- konjuntibitis alergikoa) eta asma.

Rinitis alergikoa

Sudurreko azkura, doministikuak eta muki jarioarekin adierazten da. Batzuetan begiei ere eragingo die, begi gorri, begiko azkura eta malkoekin (konjuntibitis alergikoa). Kuadro arina.

Asma

Eztul lehorra, birika aldean soinuak (txistu antzekoak) eta arnas estua. Bronkioak ixten ari diren seinale. Larriak izan daitezke eta tratamendua beharko dute.

Zer da alergia?

Oso zaila da alergiak dauzkan prozesu guztiak era sinple batean azaltzea, baina sinplifikatuz: gure gorputzak, berarekin kontaktuan jartzen den sustantzia “natural” bat, oso arrotz eta arriskutsu bezala sentitzen du eta horren aurka burrukatzen hasten da.

Erreakzio hauek arinetik , oso larriraino izan daitezke. Erreakzio hauek kontrolatzeko tratamendu eraginkorrak dauzkagu, baina oraindik alergiak sendatzeko tratamendurik ez dago (hau da, erreakzio patologiko hauek gehiago ez sorrarazteko tratamendu eraginkorrik oraindik ez daukagu). Prebentzioa da alergiak kontrolatzeko zutabe garrantzitsuenetako bat, erreakzioa sortarazten duen sustantzia horrekin ahal den heinean kontaktuan ez jartzea. Batzuetan posible da, baina beste batzuetan ez da hain erraza. Eta prebentzioa eta tratamendua egiteko , diagnostikoa ere beharrezkoa.

Hortaz, adi zure haurra eztul lehor batekin hasi, birika aldean txistu soinu eta arnas estuarekin hasten bada. Orduan, deitu eta hurbildu osasun zentrura, hare gehiago haur horrek dermatitis atopikoa izan badu txikitan eta/edo gurasoetako batek aurrekari alergikoak baditu.

Kuadro hauek urte guztian zehar ikusiko ditugu baina udaberrian pixka bat maizago, hortaz adi. Lasai, baino adi.

Idurre Azkune
Familia Medikua